XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

INTSEKTUEI BURUZKO SARRERA OROKORRA
Animalietan intsektuak dira klaserik ugariena, badira milioitik gora determinaturiko espezieak, eta seguruenik beste horrenbeste izan daitezke oraindik deskribatu ez direnak.

Lurrean bizi diren animalietatik lautik hiru intsektuak lirateke.

Ordena guztietatik lau aipatuko ditugu izurri-eragile bezala: lepidopeteroak, hemipteroak, koleopteroak eta himenopteroak.

Beren garapen-zikloari begira, lau fasetatik zehar iragaten direla esan behar da: arrautza, larba, ninfa eta imago edo intsektu heldua.

Arrautzatik jaiotako intsektuari larba esaten zaio beldarra, lepidopteroenari eta aurrerantzean jasaten dituen transformazioei metamorfosia deritze.

Metamorfosia konplexua izan daiteke arrautzatik jaiotakoa eta intsektu heldua oso desberdinak direnean, adibidez lepidopteroetan, beldarrak eta tximeletak ez bait daukate inolako elkarren antzik, beste batzutan metamorfosia bakuna izaten da, fase desberdinak antzekoak direnean, nahiz eta tamaina aldatu.

Hala gertatzen da hemipteroetan.

Larbak, beren garapen handienera iristen direnean, bildukin edo kapulu batean itxita geratzen dira mugitu gabe.

Fase honi ninfosia deritzo, eta bertan aurkitzen den intsektuari ninfa esaten zaio.

Lepidoptero edo tximeleten taldean krisalida ere esaten zaio.

Fase hau iragan ondoren, intsektu heldua edo imagoa jaiotzen da bildukinetik.

Fase bakoitzaren iraupena oso aldakorra da, garapenean zehar hainbat itxaronaldi edo diapausa, inoiz urteetakoak, gerta bait daitezke.

Neguan pasatzen dute intsektuek itxaronaldi horretako bat, hibernazioa edo negu-diapausa.

Arrautzaren errutetik hasi eta bertatik sorturiko intsektu helduak berriro errun arte doan prozesu osoari belaunaldia deritzo.

Prozesu hori urtean behin gerta daiteke edo behin baino gehiagotan, eta horren arabera urteroko belaunaldi bat edo gehiago daudela esaten da.